info@leizaraneskubaloia.com

Leizaran Eskubaloiaren historia

Leizaran Eskubaloi Kirol Klubaren historia 70eko hamarkadaren amaieran hasten da, 1979 urtean hain zuzen, Bidasoa, Michelin eta inguruko beste taldeetan jokatzen duten zenbait gazte andoaindarrek herriko lehendabiziko eskubaloi kluba sortzea erabakitzen dutenean.

Kluba sortzearen ideia Avelino Garcia Martinezena da. Avelino, Andoainen eskubaloi klub bat egon dadin norberak bere harri koskorra jartzeko prest dauden beste kide eta lagun batzuekin batera, historiako lehendabiziko eskubaloi taldea inskribatu ahal izateko lanean hasten da.

Klubaren historiako lehenengo zuzendaritza taldea honako hauek osatuko dute: Avelino Garcia (Presidentea), Antonio Sobrado (1º Presidente ordea), Jose Antonio Gutierrez “Guti” (2º Presidente ordea), Jose Manuel de Sosa “Chicho” (Idazkaria), Ramon Olazabal (Diruzaina) eta Jesus Mari Olazabal, Iñaki Urtxuegia, Cesar Garcia eta Jesus Hilario Ibañez bokal gisa.

Beste klubetan jokatzen ari diren jokalari andoaindarrek ere ideiari heltzen diote, eta urte bereko urrian, lurraldeko gizonezkoen hirugarren mailan Leizaran E.K.K.-eko lehenengo taldeak bere ibilbideari ekiten dio, 1979/80 denboraldian. Leizaran Klubaren lehenengo partidua urte honetako, 1979, Andoaingo San Juan jaietan zehar ospatzen da, partida ez ofiziala izan arren.

Lehen talde honetako partaideak honako hauek dira: Joaquin Goñi, Antonio Sobrado, Pedro Rodriguez, Jesus Mari Olazabal, Jose Mari Iztueta, Jesus Hilario Ibañez, Angel Lazcoz, “Chicho” de Sosa, Cesar Garcia, Emilio Calvo, Pepe Villena, Mikel Garmendia, Javier Zarraga (Ordezkaria) eta Avelino Garcia (Entrenatzaile/Jokalari).

1979-1980 SG (Anoetako belodromoa) (Kopako txapeldunorde)

1979/80 denboraldiko Gipuzkoako Kopako finala

(Senior gizonezkoak, Anoetako belodromoa)

 

Taldearen entrenamendu eta partidak Arrate Pilotalekuan ospatzen dira. Lehendabiziko denboraldi honetan taldea Ligako bigarren postuan sailkatzen da, lurraldeko bigarren mailara igoaz. Gainera, Gipuzkoako Kopa Txapelketako txapeldunorde da, finala gol bakar batengatik galduz Anoetako Belodromoan.

Lehenengo sasoi hauetan baldintzak ez dira egokienak, klubak ez du lokalik eta bilerak Arindar Tabernaren beheko solairuan egiten dira, baloiak ere jokalari batek jaso eta etxera eraman behar izaten ditu entrenamendu eta partiduen ondoren. Hiru urte behar izan dira Arrate Pilotalekuaren behealdean lokal bat lortu ahal izateko.

Pilotalekuaren behealdean zenbait dantzaldi ospatzen dira, non taldeak finantzatu ahal izateko fondo batzuk biltzen diren. Errifa eta udaletxearen laguntza ekonomikoarekin batera hori da diru sarrera nagusia. Garai hauetan jokalarien fitxak gaur egun baino dezente merkeagoak dira, eta ez da aurrekontu handirik behar taldeak aurrera eramateko.

Hasierako urte hauetako bitxikeria bat Avelino Garcia lan arrazoiengatik Australiara joan behar izana da. Kluba sortzearen ideia berea da eta bera izan da ere lehen urtean klubeko presidente eta entrenatzaile, jokalari izateaz gain. Klubaren presidentzian Avelinoren ordezkoa Antonio Sobradok hartuko du 1980/81 denboraldian.

Kirol arloan berriz emaitza onek jarraitzen dute, lehenengo urtean lurraldeko bigarren mailara igo ondoren, Leizarango gizonezkoen senior taldeak Liga irabazten du bigarren denboraldian eta lurraldeko lehenengo mailara igotzea lortzen du. Honek taldean balio handiko jokalariak daudela erakusten du, lehen bi urteetan hirugarren mailatik lehenengora igaro baitira. 1980/81 denboraldi honetan, klubaren historiako lehendabiziko emakumezkoen taldea sortzen da, lurraldeko lehenengo mailan jokatzen hasten dena. Emakumezkoen lehen talde honetako kide batzuk Pili Etxebeste, Maria Visitacion Gonzalez eta Garbiñe Amotxategi dira. Gainera, klubaren hirugarren talde bat ere osatzen da urte honetan bertan, infantil adineko mutikoekin, talde honek Gipuzkoako Kopa irabaziko du lehen urte honetan. Jesus Hilario Ibañezek entrenaturik bertan daude Andoni Izagirre, Xabier Truchuelo, Alberto Gonzalo, Luis Gurrutxaga edo Fernando Duarte.

Klubaren sorrera eta emaitza onei esker Andoainen eskubaloiak garapen handi bat ematen du, hiru denboralditan Leizaran Eskubaloi Kluba talde bakar bat izatetik bost talde izatera igaro delarik, gizonezkoen bi eta emakumezkoen hiru, 80 pertsona inguruko familia bat eratuz Leizaran E.K.K.-aren inguruan. Sorreratik harrobiarekin lanean hasten da kluba, andoaingo eskolekin elkarlanean. 80ko hamarkadaren hasiera honetan kadete eta jubenil mailetan lanean hasten da kluba, gizonezko zein emakumezkoetan, eta hemendik aurrera ia denboraldi guztietan edukiko ditu taldeak maila horietan. 1987/88 denboraldian emakumezkoen kadete eta jubenil taldeak Euskal Ligan lehiatuko dira.

Emaitza onek ez dute etenik eta horrela Jose Mari Iztuetak entrenatutako kadete mailako emakumezkoek Espainiako Txapelketako Sektore Fasea jokatuko dute Eibarren. Zenbait urtetan Leizarango emakumezkoen taldeak entrenatzen ibili ondoren Jose Mari Iztueta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioan sartuko da, Presidentzia kargua hartuko duelarik beranduago.

80ko hamarkadaren amaieran ordea, klubak egoera zailak bizi ditu, bai alor ekonomikoan zein erakunde alorrean ere. Gizonezkoen lehen taldea osatu zuten jokalariak uzten joan dira pixkanaka arrazoi ezberdinengatik eta beheko mailetatik ez da jokalari nahikoa igotzen, horrela 1990/91 eta 1991/92 denboraldietan ez da senior mailako gizonezko talderik aterako. Urte hauetan emakumezkoen senior taldea eta kadete eta jubenil mailetako lau taldeak arituko dira txapelketetan. Baina pixkanaka burua altxatzen joango da kluba, eskerrak batez ere klubaren presidentzia hartu duen Jose Antonio Gutierrez “Guti”-ren, eta eskuzabalki lankidetzan arituko diren beste pertsona askoren lanari, Esteban Iglesias, Luis Escudero edo Jose Arzallus esaterako. 1988/89 denboraldian ordezkatu du presidentzian Gutik Antonio Sobrado. Urte hauetan Kluba zuzendaritza talderik gabe geratu dela esan daiteke, eta ahalik eta modu egokienean aipatutako pertsona hauen eta entrenatzaileen laguntzarekin aurrera ateratzen da.

Leizaran Klubaren lehen hamarkada honetan jokalari esanguratsuak igaro dira talde ezberdinetatik, Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioetan parte hartze ugari izan dituztelarik. Gizonezkoetan Andoni Izagirre (Bidasoan jokatuko du beranduago) eta Alberto Gonzalo esaterako. Emakumezkoetan Maribel Alvariño izango da aipagarrienetako bat, Hernani eta Bidebietan jokatuko duelarik ondoren. Besteen artean aipatzekoak dira ere Toñi Lopez, Mari Mar Garcia edo Ixiar Olano.

13 denboralditan Arrate Pilotalekuan entrenatu eta jokatu ondoren, Leizaran E.K.K.-ko taldeak Allurralde kiroldegian hasiko dira entrenatzen 1992 urtean, 1992/93 denboraldian. Honek kirol arloari bultzada bat emango dio, entrenatzeko ordu gehiago eta hobeagoak lortzen direlako batez ere. Arrate Pilotalekuan astelehenetik ostiralera 21:30etatik 22:30etara talde guztiak banatu behar izaten ziren.

Kiroldegian sartzearekin batera San Juan torneoa desagertuko da, Pepe Villena memoriala. Pepe Villena Leizaranen jokatu zuen lasartear bat izan zen. Memorial hau urtero ospatzen zen Arrate Frontoian, bertan ikusle ugari bildu eta denboraldiari amaiera emateko balio zuelarik. Orain memorial honen ordez denboraldi amaierako jaia ospatzen hasiko da urtero, klubeko partaide guztiek ekainean San Juanen aurretik hainbat jokotan parte hartu eta ondoren afari batekin ematen diote agurra denboraldiari.

1992/93 denboraldi honetan senior gizonezkoen taldea berreskuratuko da, lurraldeko bigarren mailan lehiatzen hasiko delarik. Lehen urte hauetan Juanjo Estevezen gidaritzapean aritu ondoren 1995/96 denboraldian Toñi Lopezek hartuko du taldearen entrenatzaile kargua 2004/05 denboraldirarte. 1993/94 denboraldian jubenil gizonezkoek Liga Txapelketa irabaztea lortuko dute Jon Urtasun entrenatzaile delarik. Datorren denboraldian, 1994/95, kadete emakumezkoak Ligako txapeldunorde geratu ondoren Euskadiko txapeldun izango dira. Ondoren Gipuzkoako Kopako txapeldunorde geratuko da Alazne Lopezek entrenatutako talde hau. 90eko hamarkada honetan maila handiagoko emakumezkoen zenbait taldetara joango dira jokalari batzuk, batez ere Hernanira, Yolanda Martinez edo Lorena Vicente esaterako. Hamarkada honetan Leizaran Klubetik igarotako jokalaririk aipagarriena Nagore Zipitria izango da, jubeniletan Arratetik igaro ondoren Bera-Beran jokatuko duelarik Emakumezkoen Ohorezko Mailan.

1997/98 denboraldian guraso talde baten sarrerari esker zuzendaritza taldea berrantolatzen da, entrenatzaileei askatasun eta lasaitasun gehiago emanez. Gutiren ordezkoa hartuz Jose Manuel Alaña “Manolo” izendatuko da presidente. Denboraldi honetan Leizarango Emakumezkoen Kadete taldea Ligako Txapeldunorde izendatuko da, hurrengo bi urteetan txapelketa hau eskuratuz, Oscar Izagirre delarik entrenatzailea.

2000/01 denboraldian Beñat Sarasolak hartuko du klubaren presidentzia urte betez, hurrengo denboraldian berriro Manolo Alañak hartuko duelarik. 2000/01 denboraldi honetan emakumezkoen kadete eta jubenil taldeak Euskal Ligan arituko dira, eta Jose Manuel Martin “Manero”k entrenatutako kadete taldea Gipuzkoako Kopako txapeldun izendatuko da. Talde honek datorren denboraldian, 2001/02, Liga Txapelketa eskuratuko du, eta emakumezkoen kadete eta jubenil taldeak berriro Euskal Ligan arituko dira 2002/03 denboraldian.

Kluba hazten joan da eta txapelketa ezberdinetan parte hartzera gonbidatuak izan dira bertako taldeak; Gasteizko Sansomendi, Iparraldeko Anglet edo Kantabriako Los Corrales de Buelna esaterako.

2001/02 denboraldian emakumezkoen mailako eskubaloi txapelketa bat antolatuko du Leizaran Klubak Allurralde kiroldegian. Urtarrila hasieran ospatuko da txapelketa hau Errege Txapelketa izenarekin, eta hurrengo urteetan jarraipena izango du, bertan Bilbo, Gasteiz, Anglet, Urdaibai edo Los Corrales de Buelnako taldeek parte hartuko dutelarik.

90eko hamarkada amaieran eta hurrengoko hasieran Gipuzkoa eta Euskadiko selekzioetan parte hartuko duten zenbait jokalari igaroko dira klubetik, batez ere emakumezkoen mailetan; Lourdes Pagola, Edurne Altuna, Ainara Beraza, Laura Roncero, Itsaso Garcia, Lorea Lizasoain, Irati Amondarain, Ainara Loyarte, Laida Jauregi.

1980/81 denboraldian sortu eta 1985/86 denboralditik jarraitasun iraunkorrik izan ez duen senior emakumezkoen taldea 2002/03 denboraldian berriro hasiko da Oscar Izagirre entrenatzaile delarik.

Hurrengo denboraldian, 2003/04, Teknifikazio Ligan arituko den emakumezkoen infantil mailako talde bat irtengo da, Gorka Matute eta Josema Fernandezen gidaritzapean Liga irabaztea lortuko dutelarik. Denboraldi honetan Leizaran Klubak 100 jokalari baino gehiago izango ditu lehen aldiz.

 

02 Logoa

2004ko ekainean Leizaran Eskubaloi Kirol Klubak 25 urte bete ditu. Urtemugaren ospakizunetan ekintza ezberdinak antolatu dira,  kirolari eta kazetari ezagunen hitzaldiak eta Allurralde Kiroldegian jarritako argazki erakusketa esaterako. Ospakizun hauei amaiera emateko, ekainaren 26an Allurralde kiroldegian jokalari eta jokalari ohien arteko partida bat jokatu eta hurrengo egunean 25 urte hauetan klubetik igarotako pertsona guztiek bazkari bat ospatu dute Urnietako Oianume jatetxean.

17 2004-06-27 Oianume

Avelino Garcia, Antonio Sobrado, Jose Mari Iztueta, Beñat Sarasola, Jose Antonio Gutierrez, Manolo Alaña, Fernando Asenjo, Fernando Narciso

(Oianume jatetxea, Urnieta, 2004-06-27)

2005/06 denboraldian Gorka Matutek entrenaturiko kadete mailako emakumezkoen taldeak Liga Txapelketa eta Gipuzkoako Kopa irabazi ditu, gainera Espainiako Txapelketako Sektore Fasea jokatu du Leganesen.

Datorren denboraldian, 2006/07, Roberto Lazcozek entrenaturiko kadete emakumezkoek Espainiako Txapelketako Sektore Fasea jokatu dute Porriñon.

2007/08 denboraldian klubeko talde ezberdinek zenbait Txapelketa eskuratu dituzte; Jon Urtasunek entrenaturiko senior gizonezkoen taldeak Gipuzkoako Liga eta Kopa Txapelketak, Gorka Matutek entrenaturiko jubenil emakumezkoek Federazio Txapelketa, eta Roberto Lazcozek entrenaturiko kadete emakumezkoek Gipuzkoako Kopa.

Jubenil emakumezkoen taldeak Gipuzkoako Liga irabazi du 2009/10 denboraldian, eta Euskal Ligako azken fasean jokatu du, Jon Urtasun delarik entrenatzailea. Denboraldi honetan Gipuzkoako Kopa txapelketako finalean aritu dira klubeko lau talde; senior gizonezkoak, senior emakumezkoak, kadete gizonezkoak eta kadete emakumezkoak. Kadete mailako bi taldeek txapelketa eskuratzea lortu dute, gizonezkoek Gutiren gidaritzapean eta emakumezkoek Haize Irulegiren gidaritzapean.

Hamarkada honetan ere selekzio ezberdinetan aritu diren jokalari esanguratsuak igaro dira klubeko talde ezberdinetatik; Kattalin Olasagasti, Itziar Ubillos, Oihana Arruti, Garazi Lopez, Nagore Arizaga, Malen Olasagasti, Aitor Ramirez, Alejandro Colorado edo Aitor Ibarguren esaterako. Nabarmentzekoa da Kattalin Olasagasti, Itziar Ubillos eta Nagore Arizagaren ibilbidea, hirurak Emakumezkoen Ohorezko Mailan lehiatzera iritsiko baitira. Kattalin izango da lehena, junior mailako Espainiako selekzioarekin aritu ondoren 2008 urtean Bera-Bera taldearekin egingo du debuta Ohorezko Mailan. Itziar 2008/09 denboraldian Leonera joango da bere ikasketak egitera eta datorren denboraldian bertako Leon Balonmano taldearekin Ohorezko Mailan egingo du debuta. Nagore kadetetako bigarren urtearen ostean Bera-Bera taldera joan da eta 2010/11 denboraldian Emakumezkoen Ohorezko Mailan egin du debuta. Gizonezkoetan Alejandro Colorado eta Aitor Ibarguren atezainak, Ereintza eta Arratera joan dira hurrenez hurren euren jubeniletako bigarren urtean, talde horiekin Euskal Ligan arituz, esperientzia honen ondoren berriro Leizarango Senior taldean aritzeko itzuliz.

2011/12 denboraldian Leizaran Klubak inoiz izan dituen talde kopuru handiena izan du, seniorretatik infantiletara 11 talde osatu baititu. 2011ko irailaren 24 eta 25an gizonezkoen mailako I. Aurredenboraldiko Txapelketa antolatu du Leizaranek, bertan Corrales, Usurbil, Urnieta eta Tolosako taldeek parte hartu dutelarik Leizarangoekin batera.

Urtez urte kluba hazten doa eta 2012/13 denboraldian 153 jokalari aritu dira klubeko 10 taldetan banaturik. Denboraldi honetan, klubaren historian lehen aldiz, senior gizonezkoen mailan bi talde atera dira, lehenengo eta bigarren lurraldekoan.

Leizaran Eskubaloiak antolaturiko txapelketek aurrera darraie, eta horrela 2013ko irailaren 21ean III. Aurredenboraldiko Eskubaloi Txapelketa, eta 2014ko urtarrilaren 4ean XIII. Errege Eskubaloi Txapelketa ospatu dira. Txapelketa hauetan, Urdaibai, Corrales, Urnieta eta Laudioko taldeek hartu dute parte Leizarangoekin batera. Andoaingo txapelketez gain, Leizarango taldeak Mundakako Udazken Txapelketan, Oberenaren Iruñeako Vazquez eta Casado Memorialean eta Los Corrales De Buelnako Nazioarteko Txapelketan ere arituko dira. 2013/14 denboraldi honetan 171 jokalari arituko dira klubeko 13 taldeetan.

2014ko urtarrilaren 4ean ospatutako XIII. Errege Eskubaloi Txapelketan, Leizaran Eskubaloiaren ereserkia entzun ahal izango da lehen aldiz. Klubari ahotsa eta doinua, Xabier Saldias eta Imanol Iribarrenek jarriko diote. Urte honetako ekainean Leizaranek 35 urte bete ditu, eta maiatzaren 30etik ekainaren 7ra, Allurralde Kiroldegiko tabernan urte guzti hauetako argazki eta kopa erakusketa bat izango da.

Azken urte hauetan ere Leizarango zenbait jokalari selekzio ezberdinekin aritu dira. Izaskun Olasagasti infantil, kadete eta jubenil mailako Gipuzkoako selekzioarekin aritu da eta Espainiako Promesa selekzioan ere izan da. Goretti Otegi ere Gipuzkoako selekzioan aritu da, infantil eta kadete mailan. Izaskun Aizpurua eta Jokin Azpeitia infantilak ere Gipuzkoa zein Euskadiko selekzioan izan dira.

Honetaz guztiaz gain, Leizaran Eskubaloi Kirol Klubak bere hasierako filosofiari fideltasuna gordetzen dio, herriko ikastetxeekin lankidetzan eskola kirolean eskubaloiari laguntza emanez, eta denboraldi guztietan eskubaloian aritu nahi duen oro gure artean hartuz.

Homenaje a nuestra directiva – 7 de Enero de 2017

Manolo Alaña, Toñi Lopez, Mikel Ibarguren, Gurutz Letamendia, Haize Irulegi, Iñigo Sarasola, Gorka Matute, Enrique Bravo

(Allurralde kiroldegia, Andoain 2017-01-7)

2017.ko Urtarrilaren 7 an ospatu genuen Errege Txapelketan Leizaran eskunaloi taldeak omenaldi bat eskeini nahi izan dio orain arte eta utzi berri duten zuzendari lanetan ibili duren kideei, hauek hamar urte baino gehiagoko lana eta ahalegina eskeini diote Leizaran Eskubaloi Klubari, eta ahalegin honengatik kluba haunditu eta gaur egun den kluba bihurtu dutelarik,, ekitaldi unkigarri honetan argi geratu zen bazala, eta nola ez baita ere animatu beren jakinduria eta esperientziarekin laguntzen jarrai dezatela.