info@leizaraneskubaloia.com

Leizaran Eskubaloiaren Barne Araudia

1. SARRERA

1.1. Barne Araudi honen helburua Eskubaloiko Leizaran Kirol Klubaren barne jarduna eta antolamendua arautzea da, indarrean egonik ezargarri zaion kirol legediak osaturiko esparruaren barruan eta bat etorriz bere Estatutu edo Jardun-arauetan xedatuekin, non, hain zuzen ere, Araudi honen beharrizana xedatzen baita 20. artikuluan. Agiri honetan garatzen diren arauetako edozein ez ezagutzeak ez du Klubeko partaide den inor hori bete behar izatetik salbu uzten.

1.2. Araudi honetako xedapenen menpe daude jarraian adierazitakoak:

– Zuzendaritzako kideak, bazkideak edota edozein arrazoirengatik Klubeko partaide izan edo kluba ordezkatzen duten lagun eta erakunde guzti-guztiak.

– Klubeko teknikariak.

– Taldeetako ordezkari-ahaldunak.

– Klubean izen-emandako jokalariak, izena ematea gauzatzen den unetik kluba uzten duteneraino.

– Jokalarien guraso edo tutoreak jokalariak izena ematen duten unetik beretik kluba uzten duteneraino, beraiei ezargarri dakizkien alderdi guztietan.

1.3. Araudi hau ezartzeko eremu espaziala, Klubeko taldeak osatzen dituzten lagunek osorik edo zati batean bere kirol jarduna burutzerakoan edo klubarekin zerikusirik duen beste edozein jarduera burutzeko garaian erabiltzen duten edozein kirol instalazio, lokal, gune edo garraio bitarteko izango da.

1.4. Araudi hau ezartzeko denbora esparrua, kirol jarduerari dagokion denbora iraupen arrunta izango da, kirol egutegiak eginak dituen aurreikuspenen araberakoa beti ere, eta urte osoan zehar Klubeko teknikarien erantzukizun edo ikuskaritzapean dauden jarduera osagarri guztietan.

1.5. Klubari dagokio, bere Araubidetze Batzordearen bitartez edo, halakorik ez balego, Zuzendaritza Batzarraren bidez, araudi honetan berariaz jaso ez den edozein diziplina gai ebaztea.

1.6. Arau orokor gisa klubeko partaide den ororentzat, inolaz ere ezingo ditu Klubaren irudia edo hori osatzen dutenetariko edonoren irudia kaltetzen edo lohitzen duen iruzkinik egin edo informaziorik igo gizarte sareetara.

 

2. KLUBA

2.1. Leizaran Eskubaloi K.K. irabazi asmorik gabeko kirol erakundea da. Bazkide edo jokalarien ekarpenez, dirulaguntzez eta beste bide batzuk erabiliz lorturiko diru-sarrera guzti-guztiak kirol materiala erostera bideratzen dira, baita federazio eskubideak, eskubaloiaren sustapena eta oro har, kirol hori irakastearekin eta horren jardunarekin loturiko gastuak estaltzera.

2.2. Leizaran Eskubaloi Kirol Klubaren helburu orokorra bertako partaideen prestakuntza etengabea eta osoa egitea da, hala giza alderdiari dagokionez nola kirol mailakoa ere, horretarako eskubaloian jardunaz maila guztietan, kirol horren jarduna irakatsi eta garatuz.

2.3. Kirol jardunaz gain, bestelako funtsezko helburu batzuk ezartzen dira, zeintzuk garatu nahi baitira jokalarien heziketa osoari begira, hala laguntasuna, begirunea eta gizalegea, nola kiroltasuna eta manera onak ere.

 

3. ORGANIGRAMA

Destinatario Email
Información general info@leizaraneskubaloia.com
Area deportiva kirolarloa@leizaraneskubaloia.com
Comunicación komunikazioa@leizaraneskubaloia.com
Tesorería diruzaintza@leizaraneskubaloia.com
Area de eventos ekitaldiak@leizaraneskubaloia.com
Presidencia zuzendaritza@leizaraneskubaloia.com

 

4. EGINKIZUNAK

4.1. BATZAR OROKORRARENAK

– Jardun egitarau eta oroitidazkiak onartzea.

– Aurrekontuak eta balantzeak onartzea.

– Klubaren jarduerako ardatz orokorrak ezartzea.

– Zuzendaritza Batzordea hautatzea.

– Zuzendaritza Batzordeak egoki jotzen dituen gai guztiak, beti ere Aparteko Batzar Nagusiarentzat berariaz izendaturikoak edo gorderikoak ez badira.

4.2. ZUZENDARITZA BATZORDEARENAK ETA BERTAKO KIDEENAK

– Estatutuek eta Arautegi honek ematen dizkioten eginkizunak betetzea.

– Batzar Nagusiak harturiko erabakiak bete eta betearaztea.

– Batzar Nagusiari prestatzea eta aurkeztea bertan aztertu eta onartu behar diren gai eta lan guztiak.

– Klubaren baliabide ekonomiko eta materialak administratzea, baita ondareari dagozkion guztiak.

– Klubaren kontura ordainketak agintzea, eta bere sinaduraz agiriak eta posta baimentzea.

– Klubaren organigrama osatzen duten karguak izendatzea eta kargu gabetzea.

– Zuzendaritza Batzordearen eta batzorde ezberdinen bileretara bertaratzea.

– Bileretan izandako informazioen eta eztabaiden berri isilpean gordetzea.

– Zuzendaritza Batzordeak egoki irizten dituen batzordeetako partaide izatea.

– Beste klub batek jokalari bat fitxatu nahi badu, edo jokalari batek beste klub batera joan nahi badu, klubaren interesak babeste aldera dagozkion neurriak hartu ahal izango ditu.

– Klubeko taldeek jokatutako partidetan, ez da marmarka arituko ezta keinu edo adierazpen gutxiesgarririk egingo partidako epailearen, aurkarien edo ikusleen aurka, zeren eta klubaren ordezkari goren gisa jokabidean eredugarri izan behar baitu.

– Arautegi hau behar bezala betetzen denaren jakinaren gainean egotea eta hala izan dadin zaintzea.

– Klubaren izena ez erabiltzea eta horren izenean ordezkaritzarik bere esku ez hartzea Zuzendaritza Batzordearen baimenik gabe.

– Klubeko entrenatzaileei edo bestelako teknikariei dagozkien alderdi teknikoetan ez dute muturrik sartuko.

4.3. KIROL ZUZENDARIARENAK

– Urteko egitaraua osatuko du, horren jarraipena egingo du, eta denboraldi bakoitzari dagokion txosten edo oroitidazkia idatziko du.

– Eskatzen zaizkion kirol xehetasunei edo alderdiei buruzko txostenak idatzi beharko ditu.

– Zuzendaritza Batzordearen eskariz baliabideen probetxamendua aztertuko du eta zuzemen egokiak egingo ditu Klubaren ondasunei ahalik eta etekinik handiena ateratzearren.

– Zuzendaritza Batzordeari bere lan-taldearen izendapena proposatuko dio eta Batzordeari aurkeztu ahal izango dio horiek kargugabetzeko proposamena.

4.4. ESKOLEN KOORDINATZAILEARENAK

– Federaturiko lehiaketan esku hartzen duten taldeekiko denboraldian ezartzen den egitaraua materialki burutzea koordinatuko du.

– Zuzendaritza Batzordeari jakinaraziko dizkio Kluba ukitzen duten kirol eta diziplina gai eta auzi guztiak. Zuzendaritza Batzordeak hala eskatzen badio Diziplina Batzordean esku hartuko du.

– Entrenatzaile ezberdinekin koordinatu beharko da, egitaraua behar bezala eta egoki garatzea bermatzen duten bilera guztiak eginez. Era berean, erakundeko beste lansailekin, Udalarekin eta beste klub edo federazioekin koordinatu beharko da, erakundearen kirol etekinik onena lortzera bideratzen den edozein gairi buruz harremana egin eta jardun ahal izateko.

– Eskolumeentzat denboraldian ezartzen den egitarau teknikoa materialki burutzeko proposamena landu, garatu eta gainbegiratuko du.

– Trebatzaileek beren taldeetan egindako lan guztiaren jarraipena egingo du.

– Eskoletako epaileei jarraibideak finkatuko dizkie, horien lana lehiaketan esku hartzen ari diren jokalarien ezaugarrietara egoki dadin.

– Jokalari partaideek duten maila tekniko eta fisikoaren arabera jokorako arauak aldatuko ditu, beti ere bete dadin ahalik gehien ikastearen helburua baina jarduera jolasgarria eta gogokoa gertatzearekin batera. Jokoaren arauetan egiten den edozein aldaketaren berri zehatza emango die epaileei, partidak zuzentzen dituztenean aldaketa horiek betearaz ditzaten.

4.5. ENTRENATZAILEARENAK

– Denboraldi osoko kirol plangintza sortzea, taldearen entrenamendu saioak eta partidak zuzentzea, gainerako talde guztiekin koordinatuz, jokatuko duten jokalariak proposatzea, hori guztia zuzendaritza teknikoak adierazitako jarraibideen arabera.

– Arautegi hau behar bezala betetzen denaren jakinaren gainean egotea eta hala izan dadin zaintzea.

– Entrenatzeko indarrean dauden ordutegiak betetzea.

– Entrenamendura kirol jantziekin joatea, klubaren jantziak erabiltzea partidetan, eta zaintzea jokalariek uneoro janzkera egokia eraman dezaten, bai entrenamenduetan bai partidetan.

– Une oro duintasunez, harrotasunez eta begirunez jantzi behar ditu klubaren uniformeak.

– Taldearen entrenamenduetan eta partidatan erabilitako materiala zaintzea eta haren erantzule izatea.

– Taldeak jokatzeko edo entrenatzeko erabiltzen dituen kirol instalazioak egoki eta behar bezala erabil ditzan zaintzea.

– Bere taldeko fitxak gordetzea.

– Bortxakeria eta jokabide makur oro saihestu eta gaitzestea.

– Bere jokalarien artean osasun, puntualtasun eta elikatze ohiturak txertatzea.

– Bere lanean eta jardunean hobekuntza eta iaiotasun profesionalerako grina azaltzea.

– Klubaren izena ez erabiltzea eta horren izenean ordezkaritzarik bere esku ez hartzea Zuzendaritza Batzordearen baimenik gabe.

– Zuzendaritza Batzordeak egoki iritziz gero, gurasoekiko eledun izan edozein ekintza, bilera edo jarduerari buruzko berririk ematerakoan.

– Zuzendaritza Batzordeak egoki iritzitako bilera guztietara joatea.

– Garaiz adieraztea entrenamendu, partida edo bestelako ekintza edo jardueraren batera ezin duela etorri, beste entrenatzaile batek ordezka dezan.

– Kirol Zuzendaritza jakinaren gainean jarri gabe ez du bertan behera utziko entrenamendurik, ez eta horien ordutegirik aldatuko.

4.6. ORDEZKARIENAK

– Taldea ordezkatu behar du jokatzen dituen partidatan, berau izanik lotura entrenatzailearen, talde aurkariaren eta arbitroaren artean.

– Talde barruan entrenatzaileak laguntza behar duenean, hari laguntzea behar duen eginkizun orotan. Bere ardurapean jartzen den kirol materialarekin laguntzea (botikina, botilategia…).

– Arautegi hau behar bezala betetzen denaren jakinaren gainean egotea eta hala izan dadin zaintzea.

– Taldearen kirol jardun egokia eta Arautegia behar bezala betetzea erasan dezakeen ekintza ororen berri ematea, klubaren barruan hura argitu edo bideratzeko egokien deritzon sailari jakinaraziz, horrek argitzeko neurriak har ditzan.

– Klubaren izena ez erabiltzea eta horren izenean ordezkaritzarik bere esku ez hartzea Zuzendaritza Batzordearen baimenik gabe.

– Larrialdi zerbitzuekin harremanetan jartzea, haien parte hartzea eskatzen duen gorabeheraren bat gertatzean.

– Taldeko partaideen federazio txartelak gordetzea, arbitroari aurkeztea, baita bere lana bete ahal izateko erabili behar dituen agiri guztiak egoki aurkeztu eta erabiltzea, hala telefono zenbakiak nola helbideak, etab.

4.7. JOKALARIENAK

– Bere entrenatzaileek proposaturiko jarduera, erabaki eta jarraibideeekiko begirunezko eta diziplinazko jarrera edukitzea, ahalegina eginez eta bere burua behartuz ikasteko eta hobetzeko jardunaren alderdi guztietan.

– Taldeko bere lagunekiko lankidetza, laguntza eta begirune jarrera azaltzea, bai zelaiaren barruan dagoenean bai ordezkoen aulkian, edota baita ikusle gisa ere.

– Entrenamendu edo partidatara joaterik ez duenean, entrenatzaileari aurretik eta garaiz aditzera emanez zein den ezintasuna eta arrazoia.

– Protestarik ez egitea, ezta mespretxuzko keinu edo adierazpenik partidako epaileari, jokalari aurkariei edo ikuslegoari. Partida amaitutakoan talde aurkaria agurtu egin beharko du eta ikuslegoari txalo egin eta bere laguntza eskertu.

– Jokalari aurkaririk ez probokatu edo ahaikatu eta haiengandik etorritako bortxazko ekintzei edo kirolaren aurkako jarrerei ez erantzun.

– Ez partidatan ez entrenamenduetan, ez erabili hizkera zantar, oies edo gordinik.

– Jartzen dizkioten zigor edo diziplina neurriei begirunez men egitea.

– Arautegi honetako arau guztiak uneoro betetzea.

– Garaiz eta ordu-orduan iristea deitzen diren entrenamendu eta kirol ekintzetara, prestaturik egon beharko dutelarik entrenatzaileak iristen direnerako (arropa aldez aurretik aldatuta).

– Ez egitea inolako jarduerarik taldearen edo Klubaren entrenamendu, partida edo bileretako kirol jardunean arreta galaraz dezakeenik, hala sakelako mugikorrak erabiltzea edo musika entzungailuak, nola jardunean arreta biltzea eragotz dezakeen edozein.

– Une oro duintasunez, harrotasunez eta begirunez jantzi behar ditu klubaren uniformeak.

– Entrenamendura kirol jantzi egokiarekin etorri beharko du. Entrenamendu saioetan ezingo dira inolaz ere erabili jokorako indarrean dauden jantziak. Klubak jokalari bakoitzari emandako jantziak jokalari horren erantzukizunpean daude guztiz eta ez da erabiliko Klubak adierazitako kirol edo gizarte ekitaldietan baizik. Utzikeriaz erabiltzeagatik jantziak galdu edo hondatuko balira, klubak jokalariari jantzi berriak emango lizkioke aurretik horiek ordainaraziz.

– Garbitasun, osasun eta abarreko araurik zentzuzkoenak betetzea.

– Partidan zehar eserlekuan dauden jokalariek uneoro jarrera moldabera izango dute, entrenatzailearen eta ordezkariaren ohar eta jarraibideak onartuz.

– Talde eta Klubeko espiritua sustatzea.

– Ezingo du joan beste talde baten entrenamenduetara, ez eta beste talderen batean sartzeko probarik egin klubaren idatzizko baimenik eskuratu gabe.

– Beste klub batera joateko asmoa badu denboraldian zehar edo hurrengo denboraldian, Zuzendarita Batzordeari jakinarazi beharko dio.

4.8. GURASOENAK

Alderdirik garrantzitsuena osatzen dute, jokalariekiko beren jokabide eta esanekin eredu bihurtzen direlako:

Klubak antolaturiko entrenamendu eta herriko edo kirol mailako ekitaldietara alaba eta semeak garaiz eramango dituzte.

Klubak antolaturiko bileretara etorriko dira.

Partida eta entrenamenduetan entrenatzailearen eta koordinatzailearen erabaki eta jarraibideei men egingo diete.

Beren alaba eta semeei laguntza emango diete entrenatzaileen lanean sartu gabe.

Klubaren jardun egokirako lagungarri gerta litekeen orotan laguntza, adorea eta euskarria eskaini beharko dute, bertako zati garrantzitsua baitira eta ezinbestekoa Klubak behar bezala aurrera egin dezan.

Beraien alaba eta semeen parte hartzea sustatzen ahaleginduko dira, ahal dela saihestuz eskubaloiaren medio zigorrak ipintzea, zeren eta kirol honetan gora egin ahal izatea eta irautea neurri handi batean beren jarrera eta laguntzaren esku baitago. Jokalariari, bere taldekideei eta, oro har, Klubari kalte egiten ez dieten beste bitarteko batzuk bilatuko dituzte, gomendagarria izanik hitz egitea Kirol Zuzendaritzarekin eta Entrenatzailearekin.

Hizkera zatarrik ez dute erabiliko, ez eta gisa bereko jokabiderik epaileekin edo bai bere taldeko bai aurkarietako entrenatzaile eta jokalariekin, hala partidetan nola entrenamenduetan ere, hots, oro har Kluba ordezkaturik dagoen leku orotan.

Taldeko entrenatzaileen, kirol zuzendaritzaren eta ordezkarien lana erraztu eta lagunduko dute, zeren eta guztiek bai baitakite zenbaterainokoa den euren ardura hain lan korapilatsu eta zailean.

Ahal den guztietan ahaleginduko dira entrenatzaile eta jokalariei iruzkin tekniko-taktikorik ez egiten, ez partidatan ezta entrenamenduetan ere, eta bai, ordea, adorea ematen eta txalotzen edozein jokaldi edo ekintza, oso txarra izanagatik ere.

Ez adierazi itxaropen irrealik, zeren eta haurrek beren gurasoen apetak gogobete nahi baitituzte eta, batzuetan, larrutik ordaintzen baitute, beraiengan antsietate egoerak eraginez.

Ez eman garrantzi gehiegirik emaitzei, zuen alaba eta semeen egoerari baizik; hots, ondo pasa ote duten, beren ahalegina baloratu, bere jarraikitasuna, hobetzeko azaltzen duten nahia edo asmoa…

Zuen alaba eta semeengan estresa, motibazioa galtzea edo kezka sor dezaketen jarrera eta jokabideak saihestea (etsipen adierazpenak, kritikoak, mehatxatzaileak…

Lehia ulertzea zuen alaba eta semeen heziketaren zati bat gehiago bezala eta oreka emozionaleko gaitasunari eustea bai une onetan bai edozein garaitan sor litezkeen une zailetan ere.

Jokalariei, entrenatzaileei, epaileei oihurik ez egitea, eta are gutxiago pertsonen duintasuna eta osotasuna gutxietsi edo barregarri uzten duten iruzkinak egitea. Har ezazue gogoan zuen alaba eta semeentzat eredua zaretela eta garrantzi handiko iparrorratz, maiz zuen jokabidea kopiatzen dutela; beraz, zaindu zuen emozioak, ahalegin handia egin behar den arren.

– Zelaiaz harago doazen balore eta jarrerak txertatuko dizkie alaba edo/eta semeei: begirunea, lankidetza, elkarrizketa, ardura…

Kluba hobetzeko edozein iradokizun edo ezin egona adieraziko du, hala idatziz nola koordinatzaileari hitzez ere horrek eginkizun horietarako finkatzen dituen egun eta orduetan. Entrenatzailearekin edo Kirol Zuzendaritzarekin hitz egiteko aurretik hitzordua eskatu beharko dute.

Barne Araudi hau bere indar osoan bere alorreko maila guztietan bete dadin arduratuko da.

Jokalarien familiakoak beren ekintzen erantzule dira. Horrenbestez, horien ondorioz istilurik sortuko balitz eta horiek ekarriko balute klubari isun edo zehapen ekonomikoa jartzea edozein federazio erakundeengandik, edo bestelakorik, bai izaera publiko bai pribatukorik, bere gain hartu beharko dute eta klubari ordaindu ezarritako isun edo zigorrari dagokion zenbatekoa. Kluba osatzen duten jokalarien familiakoak jabetzen dira artikulu honetan ezarritakoa ez betetzeak, Klubaren arauak ez betetzea denez, bere alaba edo semea Klubetik kanporatzea ekar dezakeela, sorturiko kalteen zenbatekoa jurisdikzio esparruan erreklamatzeko Klubak duen eskubidea beretzat gordetzen duelarik.

 

5. INSTALAZIOAK ETA MATERIALA

5.1. Klubeko talde batek erabiltzen dituen instalazioetan, bai Udalarenak direnak bai kanpotar gisa nonahi erabil ditzanak, guztiz debekatuta dago modu ezegokian jokatzea, instalazio horren erabilera egokiari ez dagokion jokabideekin, eta une oro bertako erabilera arau guzti-guztiak bete beharko dira.

5.2. Instalazioak garbi eduki behar dira eta talde bakoitza arduratuko da bertan dauden osagai guztiak egoki erabiltzeaz, hala dutxak, eserlekuak eta ateak nola esekigailuak, sarrerako ateak, etab., eta instalazio hauek baldintza ezin hobeagotan gera daitezen ondoren beste batzuek erabiltzeko.

5.3. Instalazioetan edo jokalari bati emandako materialean egindako kalte oro, erabilera axolagabe eta zabarraren ondorio baldin bada, kalte eragilearen konturakoa izango da.

5.4. Talde bakoitzak entrenamendu eta partidatan erabilitako materiala dagokion lekuan utzi behar du ondoren baldintza egokietan erabili ahal izateko.

5.5. Une oro bai instalazioetako arduradunek bai klubeko zuzendaritzakoek adierazitako jarraibide eta oharrak beteko dira.

 

6. DEIALDIAK ETA JOAN-ETORRIAK

6.1. Lehiaketako partidetarako, taldeko jokalariek bere entrenatzaileek deialdian aditzera emandako leku eta orduan egon beharko dute.

6.2. Autobus bidezko garraio zerbitzua emango da, huts-hutsik, Eskubaloiko Euskadiko Federazioaren Lehiaketa Ofizialaren barruan Gipuzkoatik kanpo dauden instalazioetan jokatzen diren partiduetan, baita adiskidetasunezko partidak direnean edo kluba partaide izan dezakeen beste lehiaketaren batean.

6.3. Nolanahi ere, klubak zuzemenak egin ahal izango ditu autobusez bidaiatzeko edozein lehiaketa, txapelketa edo adiskidetasunezko partidatara hala eskatzen dionean talderen bateko jokalarien gehiengoak, baina beti ere aurretik horren kostua ordaindu ondoren.

 

7. DIZIPLINA-ARAUBIDEA

7.1. Arautegi honetan xedaturikoak ez betetzeak eragingo du Klubeko Zuzendaritza Batzarrak edo Diziplina Batzordeak gertakarien ikerketari hasiera eman beharra, non aukera emango zaien ukituriko alde guztiei bere argudioak azaltzeko, gertakarien larritasuna sailkatu eta ebazte aldera.

7.2. Ikerketa horren ondorioz erantzukizunik egotz badakioke Klubeko egitura mailako kideren bati, araua bete ez izanaren larritasunari dagokion zigorra ezarriko zaio, erasandako lagunari erabakia jakinaraziz.

7.3. Ondoren ebatz litezkeen ekintzen kalterik gabe, entrenatzaileek egoki iritzitako behar beste neurri hartu ahal izango dute, bere taldearen barruan ordena eta diziplinari eutsi ahal izateko, ondoren jakinaraziz Zuzendaritza Batzarrari, zeinak ebatziko duen zigor edo zehapenen bat ezarri behar ote den.

7.4. Klubeko kirol egiturako kideek egin ditzaketen urraketak hiru mailatan sailka litezke:

– Arinak.

– Larriak.

– Oso larriak.

7.5. Arautegi honetako arauak ez betetzetik etor litezkeen beste batzuen kalterik gabe, hutsegite arinak dira:

– Puntualtasun hutsegite arrazoitu gabeak.

– Ez jakinaraztea aurretik eta garaiz entrenamenduetara eta partidatara joaterik ez duela izango, edo gisako bestelako gorabeherarik, hori egin litekeenean.

– Entrenamendu eta partidatan jarrera pasiboa izatea.

– Begirunerik ez izatea neurri arinean entrenamenduetan, partidatan eta joan-etorrietan bere taldekideekin edo entrenatzailearekin, edota beste jokalariekin, epaileekin, etab.

– Diziplinarik eza, irain edo laido ez larriekin aritzea.

– Klubaren jardueren ohiko garapena arin aldaraz lezakeen edonolako ekintza justifikatu ezin dena.

– Partida edo entrenamendu saioetan, entrenatzaileak edo epaileak harturiko erabakiengatik edo kirol jardunaren beste edozein gorabeheragatik bortxazko edo kontrolik gabeko erantzunak ematea kirol materiala, altzariak edo instalazioak erasotuz.

7.6. Arautegi honetako arauak ez betetzetik etor litezkeen beste batzuen kalterik gabe, hutsegite larriak dira:

– Behar bezala justifikatu gabe entrenamendu eta partidetara ez joatea.

– Taldekideekiko edo entrenatzailearekiko begirune ezaz jardutea behin eta berriro, baita beste edozein jokabide oker eta begirunerik gabekoa izatea entrenamenduetan, partidatan eta joan-etorrietan, edota beste jokalariekiko, epailearekiko eta besterekiko.

– Klubeko kideekiko diziplinarik eza, irain edo laidozko ekintza larriak edo Klubaren irudia honda dezaketen bestelakoak.

– Klubeko kideei edo beste klub batzuetakoei eraso fisiko larria egitea; baita epaileei, ikusleei eta besteri egindakoak ere.

– Klubaren jardueren ohiko garapena larri aldaraz lezaketen edonolako ekintzak, justifikatu ezin direnak.

– Hutsegite arinak behin eta berriro eta sistematikoki egitea.

7.7. Arautegi honetako arauak ez betetzetik etor litezkeen beste batzuen kalterik gabe, hutsegite oso larriak dira:

– Klubeko kideekiko diziplinarik eza, irain edo laidozko ekintza oso larriak edo Klubaren irudia honda dezaketen bestelako ekintza oso larriak.

– Klubeko kideei edo beste klub batzuetakoei eraso fisiko oso larria egitea; baita epaileei, ikusleei eta besteri egindakoak ere.

– Hiru hutsegite oso larri egitea.

 

8. ZIGORRAK

8.1. Hutsegite arina egiteagatik, ondoko zigorrak ezar litezke:

– Kargu-hartze pribatua eta lanak egitea, hala badagokio, egindako hutsegitea konpontzeko baliagarri izango direnak. Salbuespen gisa, zigor mota hau entrenatzaileak berak ezarri ahal izango du. Beste edozein, Zuzendaritza Batzarrak edo Diziplina Batzordeak ezarri beharko du.

– Urratzaileari kargu-hartzea idatziz egingo zaio, eta gurasoei jakinaraziko zaie adin txikikoa denean.

– Klubaren jarduerak hobetzen eta garatzen lagunduko duten eginkizunak egitea.

– Zigortuaren kirol jarduna etetea 8 egunetik gorakoa izango ez den aldi batez.

8.2. Hutsegite larria egiteagatik, ondoko zigorrak ezar litezke:

– Bidezko bada, eragindako kaltea konpontzeko baliagarri izango diren lanak egitea edota, hala badagokio, sorturiko hondatze larriagatik beharrezko diren konponketa lanak ordaintzea.

– Zigortuaren kirol jarduna etetea 8 egunetik hilabete osora bitarteko aldi batez.

8.3. Hutsegite oso larria egiteagatik, ondoko zigorrak ezar litezke:

– Zigortuaren kirol jarduna etetea hilabete batetik denboraldi osora bitartekoa izan litekeen aldi batez.

– Leizaran eskubaloi Kirol Klubetik kanporatzea.

8.4. Nolanahi ere, zigorturiko jokalariak ez du eskubiderik izango Klubari edozein azalpenagatik sari gisa ordainduriko edozein diru-kopururen itzulketa hartzeko.