info@leizaraneskubaloia.com

Oihana Arruti Ugartemendia – 2010/11/30

«2009-2010 denboraldiko jokalaririk onena senior emakumezkoen preferente mailan»

-Berriki 2009/10 denboraldiko jokalaririk onena izendatu zaituzte senior emakumezkoen preferente mailan, zer esan dezakezu? Sorpresa handia izan al da?

Sorpresa handia izan da, bai. Gure mailako talde bakoitzak aurkarietako jokalari bat aukeratu behar du jokalari onenaren saria emateko eta lehengo urteko denboraldiari dagokionez niri egokitu zait. Egia esan nahiko denboraldi txukuna egin genuen iaz igoerako faserako sailkatu eta Gipuzkoako Kopako txapeldunorde izan baikinen.

-Nolatan hasi zinen eskubaloian? Zer da eskubaloia zuretzat?

Futbolean hasi nahi nuen, baina, garai hartan ez zegoen herrian aukerarik eta eskubaloian hasi nintzen lagunekin batera. 12 urterekin hasi nintzen eta oraindik ez dut utzi nahiz eta herrian badiren beste kirol batzuk egiteko aukerak. Eskubaloian, ondo pasatzeaz gain gorputz guztia lantzen duzu eta kontaktu asko eskatzen duen kirola da; nahiago izan ditut betidanik abiadura eta kontaktua eskatzen dituzten kirolak. Gaur, eskubaloia, kirola egiteko eta aldi berean lagunekin egoteko dudan aitzakia da.

-Joan den denboraldikoa bigarren urtea izan duzu senior maila honetan, aldaketa handia al da jubeniletatik seniorretara?

Salto nabarmena dago, jada ez baituzu zure adinekoekin soilik jokatzen; alde batetik, zaharragoekin jokatzeak beren jokoan eta dinamikan sartzea eta ohitzea dakar, eta bestetik, senior mailako helburuak beste batzuk izan daitezke. Seniorretan, jendeak kanpoan ikasten du (ni barne), beste batzuk lan egiten dute… horren ondorioz, helburuak aldatu egiten dira, batzuentzat denbora – pasa hutsa bihurtzen baita eskubaloia eta beste batzuei berriz, zirrara sorrarazten die irabazteak eta oraindik ere pasio bat da eurentzat.

-Euskadi mailan jokatzen duzue, gogorra al da desplazamendu luze horiek egitea?

Esan dudan bezala, nik ere kanpoan ikasten dut eta larunbat arratsaldeak horrelako bidaiatxoak egiten igarotzeak ez nau pozten. Halere, bi edo hiru desplazamendu “luze” ditugu aurten eta gure helburuetako bat goiko mailara igarotzea izan daitekeenez, haraino joan eta irabaztea besterik ez zaigu geratzen.

-Denboraldia oso ongi hasi duzue lehen bost partidak irabaziz, helmugarik jarri al duzue?

Badirudi aurtengoa izan daitekeela gure urtea; aurreko bi urteetan Gipuzkoako Kopako txapeldunorde izan gara eta aurten partida guztiak irabazi ditugu oraingoz. Egia da aurkari indartsuenekin ez dugula norgehiagokarik izan gaurdaino, baina horiek ere etorriko dira eta irabazten saiatuko gara. Nik uste dut ez dugula helburu finkorik jartzen eta jardunaldiak pasatzen doazen heinean ikusten dugula noraino heltzeko gai garen. Aurten, ez da igoera faserik egongo, beraz, Ligan lehenengo bi postuak eskuratzen dituztenek lortuko dute goiko mailara igotzeko txartela.

-Aurtengoa bederatzigarren urtea duzu eskubaloian, zer esan dezakezu?

Nazkatzeko denbora ere izan dudala! Baina badira ni baino urte gehiago daramatzatenak eta egia esan ni ere oso gustura nago. Hasieran ikastea zen helburua, baina pixkanaka irabazteak sentiarazten dizuna gustatzen zaizu eta geroz eta erronka gogorragoak lortzen saiatzen zara behin jokoa menperatuta duzunean. Batzuetan, jada ikasita dudan honekin guztiarekin infantiletara itzultzeko gogoa sartzen zait, baina errealitatea beste bat da eta seniorretan nago. Egia esan beste kirolen bat probatzeko gogoa badut, baina, badirudi aurre – denboraldia iristen den aldiro eskubaloian aritzeko grina sortzen zaidala eta horixe egiten dut, beste denboraldi bat Leizaranen! Denboraldi hobe bat egingo dugunaren esperantza pixka bat ere beti izaten dut eta horri eusten diot urtero.

-Zein aholku emango zenioke eskubaloian hasi berria den neska/mutikoari?

Lehenengo gauza entrenatzaileak errespetatzea da; beraiei entzun eta beraiengandik ikasi beharra dago. Helduen partidak ikusiz ere gauza asko ikasten dira eta noski, entrenatzea derrigorrezkoa da. Entrenamenduak disfrutatzeko dira hasiberrientzat eta partidak, berriz, entrenamenduetan ikasitakoa praktikan jartzeko. Hasieran zailak diruditen gauzak eta hain ondo ateratzen ez direnak nahigabe irtengo dira beranduago eta behin martxa hartuta posible diren erronkak burutzea izango da hurrengo pausoa. Ez ahaztu kirol bat dela, aisialdiaren zati bat, hain zuzen ere.

2010-11-06 Oihana Arruti (2)

2010eko azaroaren 6an Allurralden saria jasotzen